Angel Alkain
March 23, 2007Noiz konturatu zinen aktore izan nahi zenuela?
Txiki txikitatik gustatzen zait antzerkiak eta horrelako gauzak egitea. Egunero aritzen nintzen lagunen artean pailazokeriak egiten eta pentsatzen dut hortik etorriko zaidala baita ere gehienetan umorearekin zerikusia duten lanetan aritzea.
- Noiz hasi zinen antzerki munduan?
Ikastolara joaten nintzenean, aukera ezberdinen artean, nik beti antzerki tailerra hartzen nuen. 17 urte egin nituenean, nire herrian antzerki talde bat sortu zen eta nire lagunek bertan izena emateko esan zidaten. Talde horrekin asko ikasi nuen eta pixkanaka-pixkanaka beste antzerki talde batzuk ezagutzen joan nintzen. Plaza askotan ibili naiz, antzezlan desberdinak, txotxongiloak eta horrelako gauzak egiten.
- Antzerkiak egiteko zein herri duzu gustukoen? Eta zein ez duzu gustuko?
Orokorrean herri guztiak gustatzen zaizkit. Berdin zait zein herritan antzeztu, euskaraz egindako antzerkia Euskal Herrira zabaltzen badugu. Euskaraz asko egiten ez duten herrietan antzeztea ez da oso atsegina izaten, ez delako jende gehiegi etortzen. Baina gutxi izanda ere eskubidea dute gurekin gozatzeko.
- Orain telebistan egiten duzu lan. Oso desberdinak dira?
Bai. Antzerki bat egiten dugunean, ikusten ari den jendea aurrean daukagu eta nahasten bagara antzerkiarekin jarraitu beharra daukagu. Telebistan zerbait gaizki ateratzen bazaigu, zati hori moztu eta berriro grabatzen dugu. Gainera, orain egiten dugun saioan askotan gertatzen zaigu hutsegiteren bat barrea ezin dugulako aguantatu, “katxondeoan” ibiltzen garelako.
- Wazemank programak fama handia hartu du. Non grabatzen duzue?
Egia da fama handia hartzen ari da. Baina grabatzen ditugun tokiak oso normalak dira: batzuetan Orion, beste batzuetan Donostian,tabernetan, “Goenkale” grabatzen den lekuetan… herrietako festak eta azokak ere aprobetxatzen ditugu, orain dela gutxi Ordiziako Euskal Jaietako azokan izan ginen grabatzen, oso ondo pasatu genuen hango jendearekin.
- Ondo konpontzen al zara lankideekin?
Bai, oso ondo denekin, baina batzuekin hobeto. Gure artean gaizki konponduko bagina, ez zen hain programa umoretsua izango.
- Orduan grabatzen duzuenean ondo pasatzen duzue?
Oso ondo. Gainera programa bukaeran beti ikusten da grabatzen ari garenean egin ditugun hanka sartzeak. Askotan barre gehiago egiten da zati horiekin programarekin baino. Egia esan, gure artean giro ona daukagu eta hori programa ikustean nabaritzen da.
- Zenbat pertsonaiena egiten duzu?
Askorena: Patxi, Joxe, Euskaltzaindiako gizona, Xabier Euskitze, Mari Paz, tabernaria… Batzuetan ez naiz gogoratzen zenbat pertsonaiena egiten dudan, hainbeste egiten ditut. Baina pertsonaia guztiak desberdinak dira eta hori gustatu egiten zait pixka bat aldatzeko.
- Orain zineman ere zerbait egin duzu ezta?
Bai, “Kutxidazu bidea Ixabel” pelikula egin dugu. Ni ez naiz asko ateratzen baina gustora nago egin dudan lanarekin. Uste dut pelikula nahiko ondo gelditu dela eta arrakasta handia izango duenez, jendeak DVDa erosiko duela.


Oso interesgarria da Angel Alkainen elkarrizketa hau.
Segi horrela!!
Comment by Janire — April 19, 2007 @ 5:05 pm